XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ildo horretan, hurbileko hezkuntza-errealitatean egindako esperientziek eta haurrek hizkuntza nola eta eskuratzen duten aztertzen duten teoria desberdinek erakutsi digutenez, bigarren hizkuntza ikasteari ekiteko unean, ama-hizkuntzaren bidez ezagutu eta bizitako esperientzia nahikoa badute haur txikiek, bertan erabil ditzaketen hizkuntz errepertorioak barneratuta dituzte eta baita euren munduan esku hartzeko modua ematen dieten kultur alorreko ezagutzak ere; are, bigarren hizkuntza hori eskuratzeko bidea aisatzen dieten frogatutako estrategiak dituzte.

Alabaina, tresna horiek guztiak eskura dituztela jakinaren gainean gaudenez, ama-hizkuntza ikasterakoan eskuratutako komunikazio eta hizkuntz estrategiak nola aplikatu ditzaketen interesatzen zaigu orain.

Gaur egun ezagun da, bigarren hizkuntza modu naturalean eskuratzen dela, lehen hizkuntza eskuratu sen den antzeko eran, zenbat eta txikiagotan hasi, orduan eta modu naturalagoan eskuratzen da gainera.

Izan ere, hori da haur-eskolan elebitasun egoeratan gertatu ohi dena.

Esanak esan, zenbait talde, zenbait haur jakin lehen hizkuntza eskuratzeko bidean daudela eta lehen aipatutako baldintzak bete gabe heltzen dira eskolara.

Bistan da horrelako kasuak batzuk, bederen ikasgelaren programa lantzerakoan kontuan izan behar direla, egoera nolabait konpentsatzeko eta haurrak estimulatzeko errefortzuak aurrikusi beharko baititugu.

Hona hemen errefortzuak finkatuko dituzgunentz erabakitzeko kontuan hartu beharreko zenbait faktoreren berri :

-Kultur estimulurik izan ez duten edo arreta egokiak izan ez dituzten haurren gizarte eta famili arloko giroarekin zerikusia duten faktoreak, hizkuntza motelago ikastea eragiten dutenak.

Horrelakoetan, inguruarekin komunikatzeko gaitasuna eta horren funtzionalitatea ez daude deusezturik; nahikoa izaten da adierazpen-gaitasunak areagotzea, berez pobreak eta tajugabeak baitira.

Oro har, lehen aipatutako konpentsazio eta errefortzurako programak erabilita hobera egin dezake haurren adierazpenak.

Era berean, beste kultura eta hizkuntza batzuk dituzten haurrentzat ere lagungarriak izan daitezke errefortzurako programak, agian ikaskideek baino denbora gehiago beharko dute eta eskolako egoera berrira moldatzeko.

-Faktore intelektualak. Gaitasun mugatuak dituzten haurrek berariazko errefortzuak behar dituzte komunikazio-trebetasunak garatzeko.

Gaur egun badakigu lehen hizkuntzako komunikazio-gaitasuna bigarren hizkuntza batean ere eskura dezaketela eta urritasun intelektualen bat duten haurrek ere egin dezaketela hori, beti ere eskolako giroa eta ikaskuntza egokituta egonez gero, jakina.